XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honelako pedagogia gauzatzeak jokaera pedagogikoen definizio berria dakar berekin, batez ere, ikasle/irakasle harremanen alorrean.

IKASLE/IRAKASLE HARREMAN BERRIAK
Oso konplexua da alor hau; izan ere, ematen den jakitatearekin, talde-bizitzarekin, lanaren egiturarekin eta ebaluazioarekin zerikusia duten errealitateak hartzen bait ditu aldi berean bere barnean.

Irakasleak, beraz, errealitate horietako bakoitzean zenbait funtzio du bere gain, eta era askotako eginkizunak datozkio horretatik (bitarteko miatzaile, antolatzaile, lorpenen kontrolatzaile izatea); eta bere hezikerak ez dio horiek denak elkarrengandik bereizteko modurik eman.

Multzo konplexu honetako osakinak kontutan hartuz hezirik dagoen irakasleak hobeto egingo ditu bera ere kide den taldeko premiei erantzuteko egin behar diren aukerak eta errazago aurkituko du derrigorrezko oreka.

G. Ferry-k (ikus Ferry) azpimarratzen dituen lau oinarrizko funtzioak aipatuko ditugu berriz ere, betebeharra orain arteko orrialdeetan definitu dugun estrategia pedagogikoaren arabera birformulatzeko.

1) JAKITATEAREN BITARTEKOTZA
Askotan esan izan da ikusentzunezko metodo modernoetan irakaslea ez dela ezagutzaren iturri bakarra; izan ere, sistematikoki erabiltzen bait dira soinua, irudia etab.; eta, horrela, eredu eta dokumentu asko sartzen dira irakaskuntzan.

Egia zera da, ordea: iturri linguistiko ugari guzti horiek irakaslearen kontrolpean daudela beti.

Gehienetan irakasleak aukeratutako dokumentuz kanpo ez da besterik sartzen ikasgelan eta berak aukeratuek aurrez erabakitako progresio bati erantzuten diote, ustez bederen, ikaslearen motibazioari dagozkienak direlakoan.

Jakitatearen (hizkuntz ereduen) bitarteko bakarra ez bada ere, bera da oraindik medien bitartekoa.

Eta media horiek diskurtso didaktikoa ikasgelaratzeko bakarrik balio dute.

Jakitatearen igorpena horrela ikertzeak zera falta du: erakundeaz kanpoko errealitateari ateak zabaltzea; hori bakarrik bait da, hain zuzen ere, ikasleari behar duena ekarriko diona.

Hizkuntzen alorrean ekarpen hori egingo duena benetako diskurtsoa da; alde batetik, eskolaz kanpoko errealitateak adierazten dituelako; eta bestetik, irakaskuntzaren gaia ere badelako, bere helburua egoera jakin bati egokitutako (Callamand et al.) esakune pertsonalak egitea dela (...).